|
20120104
.
Datorren urtean, 2012an, Loiolako Probintziaren berrogeita hamargarren urtemuga ospatuko dugu. Mende erdia gauza handia da. Gure otoitzetan eta gogo-jardunetan bizitza Jainkoaren begi errukitsuekin ikusten saiatzen gara. Oinarrizko kristau jarrerak sustatzen ditugu gugan, Ignazioren espiritualtasunak berezkoak dituenak, hala nola, esker ona, jasotako dohainak aitortu eta Jainkoa gurekin zein eskuzabala izan den aitortu. Bost hamarkada hauetan Kristoren misioa zerbitzatu dugu aita eta anaia ugariren apostolutzaren bidez, hainbat lankiderekin, instituzio eta obra ugarirekin eta gure lurrean eta misio lurraldeetan presentzia ugari izanda.
Kongregazio Probintzial bat amaitu berria dugu. Gure historiako hamabigarrena. Tokapetarako eta elkarbizitzarako aukera izan dugu, postulatuak aztertzekoa, errealitateak eta guk zerbitzatzen ditugun pertsonen errealitateak erasatekoa. Otoitz eta dizernimendu pertsonal eta kolektiborako denbora izan da. Lehenengo egunean, hasteko, Veni Creator Spiritus abestu genuen eta azkeneko arratsaldean, aldiz, Tomad, Señor, y recibid. Hausnarketa asko partekatu dugu gure bizitza espiritualaz, komunitatekoaz eta apostolikoaz eta probintziako ohiko gobernurako balio handiko ekarpenak egin ziren.
Baliteke Kongregazio Probintzial hau izatea Loiola probintziaren azkenekoa. Denbora berriak, bokazioak gutxitzea eta eraginkortasun apostolikoa hobetzeko jesuiten probintzia kopurua murriztearen aldeko apustua direla eta, urte gutxiren buruan Loiolako probintzia Espainiako gainerako probintziekin integratuko da eta berri bat osatu. Prozesu hau hasieran galera edo desagertzea bezala har daiteke, baina egiaz jaiotza berri baterako aukera eta inbitazioa da.
San Ignaziok Jaunaren Jaiotzaren kontenplazioan kontsiderazio hau proposatutako otoitzerako puntuetako batean sartzera gonbidatzen gaitu: “Jauna premiarik handienean jaiotzeko, eta hainbeste lan, gose, egarri, bero eta hotz, irain eta laidoren ondoren gurutzean hiltzeko” [GJ 116]. Denok ikusi izan dugu hainbat alditan eszena hori. San Ignaziok jaiotza Jaunaren bizi osoarekin eta heriotzarekin lotzen du. Badakigu hasten dena bukatu egiten dela eta sortutako gauza guztiekiko indiferente egin beharra daukagula. Garrantzitsuenak Kristo, Erreinua eta pobreak dira, hala adierazi zuen Adolfo Nicolás aitak gurekin egon zenean. Gainerako guztiak helburu handiago baterako aukeratzen ditugun bitartekoak dira.
Kontenplazio honetan jaiotzara jarrera berezi batekin gerturatzera ere gonbidatzen gaituzte: “ni gizagaixo eta mendeko ezerez bat eginik” [EE 114]. Antzeko jarrera aurki dezakegu Ebanjelioetan ere: “Morroi gizagaixo batzuk gara; egin behar genuena besterik ez dugu egin” (Lk 17,10). Eguberri hauetan, pobrezian jaiotako Jaunaren aurrean, gure probintziaren historia ere ikus dezagula eta testuinguru kultural eta soziologiko jakin batean jaio zena, hemendik gutxira beste egoera batean jaiotzera doala. Jainkoa lagun izan genuen orduan eta orain ere hala izango dugu. Ez izan zalantzarik.
Eguberri on!

Juan Jose Etxeberria SJ
Probintziala
|