|
> Irudi bisita: VR1, VR2 y VR3
Danbor galanta zortzi leihoek argitzen dute, alboan harrian landutako lore ontziak, zutarri adostuez separatuak; zutarri hauek liturgi instrumentuen ozka urreztuez apainduak agertzen dira. VR2
Kupula barruko diametroak 20 metro neurtzen du, eta, bere barneko altura, eleizaren solairu gainean, 50 metrora iristen da. Sapaia bikoa du, ia esfera-esfera moldekoa: bata barrukoa, harea-arrizkoa, eta bestea kanpokoa, karezkoa, batetik bestera ia 50 zm.ko tartea dagoela. Tarte hau eta kupula gaineko linterna haundia erasten baditugu, honek bera burutzen duen gurutzean 65 metroko altura hartzen du.
Tanbor gainean burnilanduko beste baranda bat dago zirku osoan. Kupularen zain oinetan zortzi birtuteen alegori-iduriak agertzen dira; 1732an Frantziako tailugile Juan de Lanek marraztu zituen eta iztukon Italiako irudigile Gaetano Pacek moldeztu 1734-1738 bitartean. Bere eskuetan eukaristia daramanetik eta aurrekoz atzera izendatzen hasten bagara, bitute hauek dira: Sinismena, Maitasuna, Itxaropena, Erligioa, Neurria, Justizia, Zuhurtzia eta Sendotasuna. Kupularen oskol erdiaren zortzi lakainak armarri polikromatu ederrez landuak daude (Loiolako eleizaren beste gauza bitxia), Espainako Erregeen armak dira, Austriakoenak (arranoekin) eta Borbongoenak (leoiak eusten eta hiru lilioriak erdiko eskusoian). Kupula gainean linterna haundia altxatzen da, argiari sartzen uzteko leihoekin eta lore haundi batekin burutua.
Kanpoko kupula 1992-1994 bitartean berritu eta altzairuzko zirgekin sendotu zuten. Barruko kupula oso arduratsu berritu zuten. 2000. urteko abenduaren 13an hasi ziren berritzen eta 2002. urteko uztailan inauguratu zuten. Berriz konpondu behar hori, ikusiko dugunez, eleizaren konstruktzio istoriak agertuko digu.
Esan dugu dagoeneko, zirku plantako eleiz honen lehen proiektua (Kolegio osoarena bezalaxe) Italiako Carlo Fontana arkitektuak marraztu zuela (1634-1714), Gian Lorenzo Bernini'ren ikasleak, Juan Pablo de Oliva Aita Jeneralak enkargatu ziolako (1664-1681), eta, Loiolara, bere ondorengo Carlos de Noyelle Aita Jeneralak (1682-1686) bidali zuela proiektu hori. Loiolako Kolegio eta haren eleizaren lehen harria 1689.go martxoko 28an jarri zuten.
Geroago, Martin de Zaldua, 1693tik 1704an lanak geldiarazi arte Loiolako obra Maisu izan zen, eta hura enkargatu zuten, 1696 eta 1700 bitartean, Carlo Fontanaren eleizaren marrazkia berriz lantzeko. Fontanak, kupula behan, erdian zirku zabal bat marraztu zuen, eta haren inguruan erradio kaperak, bata bestetik zutarri itxi bikainez separatuak, kupula ausartaren bultzari eusteko. Zalduak, esandako erradio kapera horien artean bidea irekirik, amaigabeko barru zirku-arkupe bat sortu zuen, eleiz honen arkitekturak duen gauzarik bitxiena. Barru zirku-arkupe hori erdiko zirku haundiarekin zortzi turut-arku ezberdinez, lau haundi eta lau txikiez, komunikatua dago. Agian, problema batzuk, geroago kupularen estatikak aurkeztu dituenak, eta sendotzera et konpontzera behartu dutenak, aldaketa ausart hortatik etorriko dira.
XVIII. gizaldia Espainan Sukzesio Gudarekin hasi zen (1701-1714), Austriako Etxeak eta Borbongo Etxeak elkarren aurka gudatu zutelako, Espainako errege nor izango, eta guda honek Loiolako eta bere eleizaren obrak geldiarazi zituen 1704 eta 1717 bitartean. Obrek berriz 1717an aurrera jarraitu zutenean, 1719tik, Maisu berri bezala, Sebastian de Lecuna izan zuten.
Lecunak barru zirku-arkupeak sortzen zuen problemari aurre egin behar izan zion. Izan ere, arkupe hori eleizaren erdiko zirkuarekin zortzi turut-arkuen bidez komunikatzen zen, eta arku horiek eutsi behar zioten ia bi metro lodiko tanbor bikainari eta kupula astunari; horixe zen punturik ahulena Martin de Zalduak proiektuari egindako estrukturazio berrian; Fontanaren proiektuan erradio kaperak besterik ez zirenak barruko zirku-arkupe bihurtu bait zuen. Problema honi soluzio bat emateko Joaquin de Churriguera (1674-1724) arkitektu ospetsuari galdetu zioten, eta hura 1720an Loiolara obra ikustera etorri zen. Bere jatorria Katalunian duen Churriguera sendi hontatik (tailugile eta arkitektorik bazen sendi hortan), hartzen du izena Churriguera estiloak, Espainako barroko oparoaren forma bezala.Badago Loiolan estilo horren argibide ederrik, hala, Basilika aurreko arkupea, eleiz barruko dekorazio oparoa, eta, batez ere, haren Aldare Nagusia.
1733an, kupula ia itxia zegoenean hiltzen da Sebastian de Lecuna. Obra Maisu berriak, Ignacio de Iberok, itxiko du osoro kupula eta osatuko du, haren gainean linterna jarririk. Baina, 1734an linterna burutzen duen kobrezko esfera, eta, 1735an, haren gainean dagoen gurutzea jarri zutenean, Ignacio de Iberok zera seinalatu behar izan zuen, kupulak gaitzen bat egin zuela, hau da, asentatzeko mugimenturen bat egin zuela, eta, horregatik, kupularen oina sendotu egin behar izan zuten eta bi burnizko uztai edo zuncho jarri haren inguruan.
Apainketak, ateak etab., bukatu ondoren, kolegioa eta eleiza 1738an inauguratu zuten, obrak hasi zirenetik zehatz berrogeitamar urtera, hain zuzen ere. Eleiza eta altareak ez dituzte 1888-89 arte solemne kontsagratuko.
Horain dela gutxi, esan dugunez, 1992-1994 aldian, kupularen estatikak problemak erakusten jarraitzen zuen, eta kanpotik inguratzen duten altzairuzko zirgekin sendotu zuten eta altzairuzko uztail berria jarri zioten oinean. Eta 2000-2002 bitartean tanbor barrua eta barruko kupula oso arretatsu berritu zituzten eta orduan itxi zizkioten kupulari zeuzkan zirrituak. |
|